Hasiera » Berriak » Basque Biomodels Platform for Human Research abian jarri da

Basque Biomodels Platform for Human Research abian jarri da

20 Oct 2022

BBioH plataformak giza eredu zelularrak sortzeko eta ezaugarritzeko zerbitzuak eskaintzen ditu, zehaztasun eta pertsonalizatuko medikuntza estrategiak garatzeko.

Achucarro Basque Center for Neuroscience (ACHUCARRO) eta Biofisika Institutua (BIOFISIKA, CSIC-UPV/EHU), ikerketa-zentroak, Biofisika Bizkaia Fundazioarekin lankidetzan, ikerketa-plataforma hau sortu dute, Basque Biomodels Platform for Human Research (BBioH) izenekoa. Plataforma honen helburua giza zelulen bioereduak garatzea da, hau da, giza biologia aztertzeko, bai osasunean, bai gaixotasunetan.

Organoen bioereduak edo “avatar”-ak sortzeak, garunaren kasuan “zerebroideak”, gizakion zeluletan gaixotasun neurologikoen funtzionamendua eta garapena aztertu ahal izateko balio du, iraganean eta gaur egun arte erabilitako animalia-ereduekin alderatuta. Bioeredu horiek hurrengo urratsa dira ikerketan, gizakien antzeko egituretarantz, eta medikuntza pertsonalizatuaren edo doitasun-medikuntzaren kontzeptua sar daiteke horietan; izan ere, eredu zelular espezifikoak sor daitezke, patologia bereziak dituzten pazienteen laginetatik datozenak.

Plataforma horren sorrera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren IKUR estrategiaren eta BIOFISIKAk kudeatzen duen Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatutako Osasunari aplikatutako Bioteknologiaren Plan Osagarriaren barruan kokatzen da. Biek batera finantzatzen dute azpiegitura hau sortzeko behar izan diren 200.000 euro baino gehiago. Plataformak 4 pertsona ditu lanean jada, bi zientzialari eta best 2 teknikari. Plataforma, ACHUCARRO zentroaren instalazioetan dago, UPV/EHUren Leioako Parke Zientifikoan.

ACHUCARROk eta BIOFISIKAk urteak daramatzate plataforma hau abian jarri ahal izateko ezagutza eta teknologia garatzen. Plataformaren koordinatzaile zientifikoa Fabio Cavaliere doktorea da, eta gaur egun bere taldean hiru pertsona daude, teknikari eta ikertzaile profilarekin. Baliabide berri hau, Euskadiko 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean, eta baita Espezializazio Adimenduneko Estrategian (RIS3) oinarrituta dago, eta Hezkuntza Sailaren IKUR 2030 Estrategiaren funtsen laguntza erabakigarria jaso du.

Plataforma hau ekitaldi publiko batetan aurkeztuko da, audientzia tekniko-zientifikoari zuzenduta, 2022ko azaroaren 7an, astelehena, UPV/EHUren Zientzia Parkearen Egoitza eraikineko Aketxe aretoan, Leioan.

Erreferentziak: